Pacharan Navarra. Deitura

  • Nafarroako Patxarana izena berariazko deitura bilakatu zen hala eskatu zutelako sektoreko enpresek, Patxaran Naturalaren Fabrikatzaile eta Botilatzaileen Nafarroako Elkartean bildurik. Elkarte hori 1985ean sortu zen eta hasieran sei enpresek osatu zuten.

    Patxaran botilatua ekoizten zuten enpresak kezkaturik zeuden, gero eta gehiago zirelako osasun bermerik gabeko patxaran ontziratu gabea saltzen zuten ekoizleak, eta horregatik sortu zuten elkartea. Sarkoikeriari aurre egin nahian denek bat egin eta “Patxaran Naturalaren Fabrikatzaile eta Botilatzaileen Nafarroako Elkartea” sortzea erabaki zuten, ontziratu gabeko produkzioari aurre egin eta produktuaren kalitatea bermatzeko. Izan ere, elkartean sartu ahal izateko zenbait baldintza eta berme eskatzen dira.

    Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi Departamentuak “Nafarroako Kalitateko Deitura” eman zion produktu honi, 1987ko ekainaren 22ko Foru Aginduaren bidez.

  • Patxarana ekoizten duen enpresa batek Nafarroako Patxarana Berariazko Deitura lortu ahal izateko, Erregelamenduan ezarritako baldintza guztiak bete behar ditu. Bereziki, produkzio metodoa eta Kontseilu Arautzailearen kontrol eta ikuskapenak onartu behar ditu eta, jakina, patxarana lortzeko prozesu osoa Nafarroan egin behar du.

    Horregatik, Kontseilu Arautzaileak Patxaran Egile eta Botilatzaileen Erregistroa dauka eta beren marketan “Nafarroako Patxarana” deitura erabili nahi duten enpresa guztiek aldez aurretik erregistroan inskribatu behar dute.

  • NAFARROAKO PATXARANA BERARIAZKO DEITURAREN KONTSEILU ARAUTZAILEA, 1988an sortua, "NAFARROAKO PATXARANA" BERARIAZKO DEITURARI buruz erabakitzeko eskumena duen erakundea da.

    Haren eginkizun nagusia Nafarroako Patxarana Berariazko Deituraren Erregelamenduan ezarritako arauak betearaztea da.

    Haren eskumen eremua hauxe da:

    1. Nafarroako Patxarana egiten den lurraldea, hots, Nafarroako Foru Komunitatea.
    2. Nafarroako Patxarana nola egin, ontziratu, banatu eta merkaturatzen den kontrolatzen du.
    3. Nafarroako Patxaran Egile eta Botilatzaileen Erregistroan inskribaturiko enpresak kontrolatzen ditu.

    Kontseilu Arautzaileak ahalmena du Berariazko Deituraren eremuaren barnean (Nafarroan) Berariazko Deiturarik gabe egin, merkaturatu edo banatzen diren patxaranak zaintzeko, eta atzematen dituen gorabeherak Nafarroako Gobernuko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinarazten dizkio.

  • NOLA EGITEN DEN KONTROLATZEA

    Kontseilu Arautzaileak bermatu behar ditu Nafarroako Patxaranaren ezaugarriak:

    1. Alkohol naturalekin egiten den edaria da eta basaran zapore nabarmena du, basaran aleak alkoholetan beratuz lortzen baita; 25 eta 30 ºGL bitarteko graduazioa du.
    2. Heldutasun eta testurarik oneneko basaranak erabiltzen dira, eta ontzietan beratzen jarri baino lehen gorputz arrotz guztiak kentzen zaizkie. .
    3. Basaranak beratzeko erabiltzen den nekazaritzako alkohol etilikoak 30 eta 50 ºGL bitarteko graduazioa du eta indarreko legeriak eskatzen dituen ezaugarriak ditu.
    4. Litro bakoitzeko 125 eta 250 gramo bitarte basaran erabiltzen dira, eta 80 eta 250 gramo bitarte azukre.
    5. Ezin zaio bestelako osagairik gehitu, salbu eta beste fruta natural batzuk (erabilitako basaranen ehuneko bost gehienez), azido zitrikoa (lortzen den patxaran litro bakoitzeko gramo bat gehienez), eta sakarosazko karamelua, beraldian hartzen duen kolorazio naturala batzen laguntzeko. Azken bi osagai horiek produktuaren etiketan agertu behar dira.
    6. Beraldiak hilabete irauten du gutxienez eta zortzi hilabete gehienez.

    KALITATEAREN KONTROLA

    Nafarroako Patxaranaren Kontseilu Arautzailearen helburu nagusietako bat Deituraren babespeko patxaranaren kalitatea kontrolatzea da.

    Horretarako, Deitura lortu nahi duten enpresek janari-edariei buruzko legeria orokorra betetzen dutela egiaztatzen da. Gero instalazioak eta azken produktua ikuskatzen zaizkie, produktuaren ezaugarriak eta hura egiteko sistema legearekin eta Deituraren Erregelamenduko xedapenekin bat datozela egiaztatzeko.


    ONTZIRATZEAREN ETA BOTILATZEAREN KONTROLA

    Nafarroako Patxarana Berariazko Deiturari atxikitako markek gehienez 1 litroko edukiera duten beirazko botiletan aurkeztu behar dute patxarana, inoiz ere ezin dute ontziratu gabe saldu. Ontzien etiketan “Nafarroako Patxarana” Berariazko Deitura ageri da ongi nabarmenduta, baita Deituraren ikur edo logotipoa ere, eta Kontseilu Arautzaileak zenbakitutako kontraetiketa ere jartzen da kalitate kontrolatuko produktuaren berme gisa.


    BOTILATZAILE ETA EGILEEN ERREGISTROA

    Kontseilu Arautzaileak Botilatzaile eta Egileen Erregistroa dauka, patxarana nola ekoitzi, prestatu eta banatzen den kontrolatzeko, zenbat izakin dauden jakiteko eta Deituraren babespeko patxaranen kalitatea egiaztatzeko. v


© 2017 Reyno Gourmet.

Menú Principal (2)