Alcachofa Tudela. Tuterako Orburuak

  • Ekoizpen eremu geografikoak Nafarroako Erriberako 33 herri biltzen ditu eta erdigunea Tuterako eskualdean dago.


    mapa alcachofa
  • Nafarroan, Ebroko ardatz edo korridorea deitzen den eskualdea, Mendabiatik Corteseraino, barazki ekoizlea da betidanik. Bertan hazi izan diren barazkien artean agian orburua da sustraiak iraganik urrunenean dituena. Nafarroako Entziklopediak dio arabiarrak nagusi ziren garaian orburua hazten zela Tuteran, baina ez du data zehatzik ematen. Joan den mendean ongi sartu arte orburua tokian tokiko merkatuetan saltzen zen, baina kontserba industria paratzeak pizgarri berriak eman zituen orburu alorrak hedatzeko eta hala orburuak leku nabarmena hartu zuen Nafarroako barazki alor ureztatuetan.

    Tuterako nekazari saiatuek, urteetako hautatze lan etengabearen ondoren, "Tuterako zuria"izeneko orburua lortu dute eta dagoeneko huraxe da Espainian ugaltze begetatiborako material gisa gehien erabiltzen dena. Hain zuzen ere, eskualdeko nekazarien artean asko dira, landare honen aprobetxamendu gai nagusi diren lore-buru jangarriez gain (orburuak, kontsumitzen ditugun moduan), landatzeko materiala ekoizten dutenak. Landarearen lurpeko zatiaren puskak hartzen dira landatzeko, bilketa garaia amaitutakoan, udako atsedenaldian.


    foto.antealcachofa
  • Orburuak Mediterraneoko arroan du jatorria baina ez dakigu zein eskualdetan zehatz-mehatz. Baratzeko espezie gisa ezagutzen da soilik. Konposatuen familiakoa da,< Cynara scoymus L. du izen zientifikoa. Sustrai sistema sendo baten bidez elikatzen den belar landarea da. Sustraiaren gainean, adabetarte oso laburrak dituen zurtoina hazten da hasieran. Adabetarte bakoitzean hosto bat sortzen da eta multzoari erroseta deitzen zaio. Errosetaren erditik zurtoina garatzen da eta azkenean infloreszentzia edo lore-burua ematen du; horixe da landarearen zati jangarria.

    Eskualde epeletako espeziea da. Hain zuzen ere, Mediterraneoko herrialdeek, tartean Frantzia, Espainia eta Frantzia, munduko ekoizpenaren eta kontsumoaren %80 metatzen dute.


    foto.alc-descripcion


    foto.alc-descripcion2
  • Tuterako orburuaren laborantza urtekoa da fresko kontsumitzen diren orburuen kasuan eta bi urtekoa izan daiteke kontserbarako orburuen kasuan. Urteko alorretan landare guztiak atera behar dira udako atsedenaldian eta landare berriak sartu. Bi urteko alorretan, landatu ondoko bigarren udako atsedenaldian ateratzen dira landareak. Landaketa uztaileko bigarren hamabostaldian eta abuztuko lehenbizikoan egiten da, “Tuterako zuria” landareen urtebeteko errizoma puskak erabiliz. Errizoma zati horietako bakoitzak 2 edo 3 zurtoin-begi ditu, agerikoak eta bideragarriak. Landaketaren dentsitatea 8.000 eta 12.000 landare bitartekoa da hektareako, eta landatzeko materiala mintegiko landare eta hazien ekoizle, merkaturatzaile eta inportatzaileen Erregistro Ofizialean inskribaturiko ekoizleei erosi behar zaie.

    Orburuak eskuz jasotzen dira. Nahiko helduta daudenak hautatzen dira hurrenez hurreneko bilketetan, batez beste astean behin. Urteko alorretan lehendabiziko fruituak otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran hartzen dira, baina landarea behartzen bada, edo bi urteko alorretan, zerbait biltzen ahal da udazkenean.


    foto.alc cultivo
  • Adierazpen Geografiko Babestua izateko, fresko merkaturatzen diren orburuek Estra eta Lehena merkataritzako kategoriakoak izan behar dute. Bi kalibretakoak izan daitezke: 60-90 mm bitarteko orburuak eta 90 mm-tik gorako orburuak. Honela aurkezten ahal dira:

    • Orburuak kirten eta hostoekin
      Kirtena gehienez 18 cm luze izan daiteke eta pare bat hosto eduki dezake. Dozenaka saltzen dira.
    • Orburuak kirtenik gabe
      Kirtena gehienez 10 cm luze izan daiteke eta ezin du hostorik eduki. Kiloka saltzen dira.

    Egur, plastiko edo kartoizko ontziak erabili behar dira, Kontseilu Arautzaileak baimendutako modeloetakoak, eta produktu babestua egiazkoa dela bermatzen duten etiketa edo zerrendak jarri behar dira.


    foto.alc-fresco


    foto.alc-fresco2
  • Industriarako diren fruituak berariazko irizpideei jarraituz hautatzen dira eta gero kalibratu egiten dira, batez ere tamaina desberdinetako orburuak bereizteko, galdarraztatzen diren denbora doitu egin behar baita. Orburuak galdarraztatzeko, ur irakinetan edo ur lurrunetan edukitzen dira bi eta zazpi minutu bitartean (tamainaren arabera) eta uretan hozten dira segituan.

    Gero zuritu (1) egiten dira, hau da, jateko balio ez duten hosto gogorrak kentzen zaizkie, beste aukeraketa bat egiten da kalteak dituztenak edo apurtuta daudenak kenduz, eta berriz sailkatzen dira tamainaren arabera (2). Jarraian pisatu eta ontziratu egiten dira (3), eta azkenik autoklabean esterilizatzen dira (4). Kontserba egiteko prozesuan ezin da behin ere erabili azidotasuna areagotzeko edo zuzentzeko substantziarik.


    foto.alc enconserva.montaje

    Orburuak osorik edo erdibituta merkaturatzen dira eta beti joan behar dute beirazko ontzian. Ontzi bakoitzak kontraetiketa zenbakiduna eduki behar du, Adierazpen Geografiko Babestuaren ikurrarekin. Ikur horrek egiazkotasuna ziurtatzen du eta produktua Erregelamenduan ezarritako moduan landu eta prestatu dela bermatzen du.

    • Orburua garbigarria da eta digestioa errazten du. Horregatik, jaki oso koipetsuen berebiziko osagarria da.
    • Orburuak maneatzeko gaien artean oliba-olio birjina erabiltzea da aukerarik onena. Olio gordina erabiltzen badugu, gainera, urre likidoa deitzen diogun horren propietate dietetiko eta terapeutiko guztiak aprobetxatuko ditugu.
    • Orburuaren kanpoko braktea edo hostoak ezin dira erabili, baina txortena bai, ongi moztuta jakiaren osagai izan baitaiteke orburu bihotzekin batera.
    • Orburuak garbitu eta mozteko komeni da eskularruak erabiltzea; bestela eskuetako azala zikindu eta belztu egiten da.
    • rburua garbitzen denean, aireko oxigenoak C bitamina oxidatu eta orburua belztu ez dezan, gomendagarria da limoi ura erabiltzea.
    • Azkar egosteko teknikak erabiltzea gomendatzen da, esaterako presio-eltzea, bitamina hidrosolubleen galera saihesten baitute.

    foto.alc consejos


© 2017 Reyno Gourmet.

Menú Principal (2)