Reyno Gourmet-ek, INTIA sozietate publikoak bultzatu eta kudeatutako markak, aktiboki sustatu ditu Nafarroako kalitatezko produktuak, eta hogei akzio baino gehiago antolatu ditu Madrilgo eta Foru Erkidegoko hainbat saltokitan urteko lehen seihilekoan.
Horrela, `elikagaien banaketarako salmenta-gunean´ garatutako ekintzen helburua da Reyno Gourmet-en babespean dauden produktuen berri ematea eta haien erosketa sustatzea. Lehen sei hilabete hauetan, Nafarroako kalitate-markari atxikitako 70 enpresak baino gehiagok hartu zuten parte ekimen horietan, kontsumo handiko kanalean eta saltoki txikietan duten presentzia eta salmentak areagotzeko.
Kalitatezko produktuak sustatzeko ekintzak Madrilen
Urtearen lehen erdian, Reyno Gourmetek hainbat ekintza antolatu ditu Madrilen, produktuen kalitatea bultzatzeko eta ezagutarazteko. Apirilaren bukaeratik, eta ia hilabete batez, El Corte Inglés-eko hiru supermerkatutan egon zen, Castellana, Pozuelo eta Sanchinarron. Han, sustapen-ekitaldiak, produktu-dastatzeak eta opari-banaketa egin ziren kontsumitzaileen artean. Gainera, Nafarroa ezagutzeko bi lagunentzako bidaia ere zozketatu zen.
Maiatzean, Nafarroako Zainzuriaren ezaugarri eta onura handien berri eman zen Madrilgo zortzi merkatutan: Las Ventas, Chamartín, Chamberí, La Paz, Maravillas, Prosperidad, Santa María de la Cabeza eta Tetuán.
Promozioan zehar, merkatu bakoitzean, dastaketak egin ziren, eta, horien osagarri, showcooking-a antolatu zen, hiru ordukoa. Bertan, sukaldariek zainzuri freskoekin eta orburuekin errezeta desberdinak egin zituzten, Nafarroako barazki eta produktu enblematikoenak Madrilgo kontsumitzaileari hurbiltzeko.
Madrilgo ekintzak Salamanca auzoko Gold Gourmet salmenta-gune enblematiko batean amaitu ziren, eta bertan dastatzeak egin eta opariak banatu ziren kalitate-markako produktuak Madrilgo bezeroei hurbiltzeko. Gainera, azpimarratzekoa da apirila eta maiatza bitartean, “Nafarroako Zainzuriaren eta beste barazki batzuen 2. Ibilbidea” antolatu zela. Ibilbide horretan, Madrilgo 25 jatetxek parte hartu zuten, Nafarroako baratzeko sasoiko barazkiekin egindako platerak sartu baitzituzten menuetan.
Hainbat elikadura-katerekin lankidetzan egindako kanpainak
Gainera, Reyno Gourmetek bere kanpaina propioak abiarazi ditu hainbat katerekin elkarlanean, Nafarroako entseina ezberdinen tokiko produktuen kanpainetan parte hartzeaz gain.
Martxoaren amaieran, informazio-kanpaina bat antolatu zen BM Nafarroarekin, kateko dozena bat establezimendutan, Foru Erkidego osoan zehar, bere helburuari eutsiz: Reyno Gourmet produktuak ezagutaraztea eta opariak banatuz erosketa bultzatzea. Gainera, BM txartela duten bezeroek bi esperientziaren zozketan parte hartu zuten: bi lagunentzako afaria eta hoteleko gau bat.
Bestalde, apirilean, kanpaina bat egin zen Nafarroako Eroski kateko 55 supermerkatu eta 2 hipermerkatutan, Reyno Gourmetek barne hartzen dituen barazkiei laguntzeko. Kontsumitzailearen leialtasuna saritu zen, Reyno Gourmet produktu-sortekin eta barazkiak urtebetez doan izateko sariekin.
Maiatzaren amaieran kanpaina bat hasi zen Leclerc hipermerkatuan kalitate-markako produktuak aurkezteko, eta bezeroei opari bat eman zitzaien produktu horiek erosteagatik. Ekimen horretan, produktu-dastaketak eta showcooking bat egin ziren, produktuak kontsumitzaileari hurbiltzeko eta prestatzeko modu desberdinak erakusteko.
Azkenik, ekainaren amaieran, Eroskiren zortzi establezimendutan ere, besteak beste bi hipermerkatuetan, ‘Reyno Gourmet tonbola’ antolatu zen, eta 4.000 txartel baino gehiago banatu ziren markako produktuen zuzeneko sariekin. Reyno Gourmet-en aukera zabala aurkezteko ekintza bat izan zen, tokiko produktuaren kalitatea gero eta gehiago baloratzen duen kontsumitzaile bati zuzendua.
Reyno Gourmet-i buruz
Reyno Gourmet Nafarroako Gobernuak 2007an sortutako berme-marka bat da eta INTIA sozietate publikoak bultzatuta eta kudeatuta. Kalitate-ziurtagiria duten nekazaritzako elikagaiak identifikatzen eta babesten ditu, bai eta ezaugarri bereziak izateagatik Foru Erkidegoan bereiz daitezkeen beste batzuk ere. Hala, marka funtsezko tresna da produktu horiek merkatuan ezartzen eta identifikatzen laguntzen duen irudi komuna sustatu eta proiektatzeko.