Nafarroako Patxarana edari espirituoso preziatua da Nafarroan Erdi Arotik, eta basaranak anisatu batean beratuz lortzen da, aroma eta kontrasteen konbinazioa lortuz: leuna eta bizia, gozoa eta azidoa, lehorra eta afrutatua.
Babestutako patxarana egiteko eremua Nafarroako Foru Komunitateko lurraldeak osatzen du. Inskribatutako instalazioetan ekoitzitako patxaranari soilik aplika dakioke “Nafarroako Patxarana” Berariazko Deitura, betiere Erregelamendu honetan eskatutako arauen arabera egin bada eta ezaugarritu beharreko baldintza kualitatiboak, teknikoak eta organoleptikoak betetzen baditu.
Nafarroako Patxarana anis naturalean beratutako Nafarroako basaranekin bakarrik egiten da ehuneko ehunean, bestelako aromatizatzailerik edo koloratzailerik gabe. Anisatuaren azukreak gozotasuna eta dentsitatea ematen ditu, eta horrek orekatzen du fruituaren ezaugarri idorgarria, horrek patxarana oroitzapen luzeko edari atsegina bihurtzen du. Hilabeteek aurrera egin ahala, beratze geldoan eta atsedenean egon ondoren, Nafarroako Patxaranak osagaien usain, ñabardura eta testura guztiak hartzen ditu.
Laborantza: Nafarroako Patxarana Nafarroako basaranekin egiten da, gehigarririk, usaingarririk eta koloratzailerik erabili gabe. Uda ondoren, basaranak biltzeko prest daude, eta osasuntsu daudenak bakarrik erabiltzen dira, itxura garbikoak eta distiratsuak.
Laborantza: Patxaranak edo basaranak Prunus Spinosa zuhaixkatik lortzen dira. Basa-izaerakoa da, eta, duela ia bi hamarkadatik etxekotu egin da. Lan horren ondorioz, Nafarroa da Europako eremu bakarra landatzen dena, eta, gainera, basarana basatiak daude.
Basarana hur baten tamainako fruitu biribila da, beltz urdinxka eta ahoan latza. Azala, mamia eta hezurra ditu. Osagaien artean, C bitamina, taninoak, flobafenoa, azido malikoa (%3 gehienez), azukrea, pektina, goma, pigmentu gorria eta punizianina ditu. Hezur barneko haziak azido zianhidridoa dauka.
Beratzeko unean, patxaranen egoera berebiziko garrantzia du. Fruitu helduek kolorea eta substantziak hobeto askatzen dituzte. Fruitu berdeek azidotasuna ematen dute eta denbora gehiago behar izaten dute beren propietateak transmititzeko.
Elaborazioa: Babestutako Nafarroako Patxarana egiten da fruitua alkoholean eta anisean beratuz, gutxienez hilabetez eta gehienez zortzi hilabetez. Mazerazioa amaitutakoan, dekantatu egiten da, eta, likidoa iragazita, prozesua jarraitzen da, Nafarroako Patxaranaren berezko ezaugarriak lortu arte.
Nafarroako Patxarana AGB
Jakina da patxarana Godofre Nafarroakoaren, Karlos III.a erregearen seme naturala, eta Teresa Arellanokoaren arteko ezkontzako menuaren parte izan zela 1415ean. Badakigu, halaber, eta agirien arabera, Zuria Nafarroako Erregina, 1441eko apirilean, bere bizitzako azken urtean, patxarana hartu zuela Santa Maria de Nieva monasterioan gaixotu zenean.
Egun, Adierazpen Geografikoak Nafarroako Patxaranaren kalitatea zaintzen eta balizko iruzur eta imitazioetatik babesten jarraitzen du.
Historia luzeko edaria, osagaien aroma, ñabardura eta testurekin gozatzen dena, beratze geldoan eta atsedenean hilabeteak eman ondoren .
Ekoitzitako jakiaren elaborazio-prozesua eta kalitatea kanpoko kontrol-erakunde batek ikuskatzen ditu: Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutuak (INTIA S.A.), Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak baimenduta eta ENACek egiaztatuta.
Nafarroako Patxarana Berariazko Deituran inskribaturiko enpresek egiten duten Nafarroako Patxaranak berme guztiak eskaintzen dizkie kontsumitzaileei eta ostalaritzako establezimenduei. Izan ere, janari-edariei buruzko legerian eskatzen diren baldintza guztiak betetzeaz gain, Deituraren Erregelamenduan berariaz ezarri zaizkion baldintza zorrotzagoak ere betetzen ditu. Kontseilu Arautzailearen anagrama duen etiketa zenbakiduna ezartzen zaie Nafarroako Patxaran botila guztiei, kalitate kontrolatuko produktua dela bermatzeko.
Reyno Gourmet-eko nobedadeen, ekitaldien, lehiaketen eta sustapenen berri izan nahi duzu? Utzi zure helbide elektronikoa, eta, aldian-aldian, gure buletina jasoko duzu zure posta elektronikoan sarrerako ontzian.