Basque Culinary Centerreko ikasleak Nafarroan izan dira bertako produktua ezagutzeko Reyno Gourmet-en eskutik

Agenda oso bizi batek Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorearen ikuspegi osatuagoa eman die BBCko 120 ikasleei.

Basque Culinary Centerreko 120 ikasle Nafarroan izan dira Foru Komunitateko nekazaritzako elikagaiak ezagutzeko. Bere bidaiaren bigarren egunean, Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak lagundu egin die ikerketa eta berrikuntzako unibertsitate-zentro horretako ikasleei Murietako lursail batera egindako bisitan. Bertan, Nafarroako Zainzuria jaso dute. Ekintza Nafarroako Gobernuak eta Basque Culinary Centerrek joan den martxoan sinatutako hitzarmenaren barruan kokatzen da. Hitzarmen horren arabera, INTIAk eta Reyno Gourmetek Nafarroako produkturik onenak ezagutu eta dastatzeko ikaskuntza-bidaia bat finantzatu eta antolatuko dute urtero graduko lehen mailako ikasleentzat eta irakasleentzat.

Bisitan, Itziar Gómez kontseilariak nabarmendu du “aukera paregabea dela Nafarroako kalitatezko produktua mundura zabaltzeko; izan ere, BCCko ikasleen artean hainbat nazionalitatetako gastronomiako etorkizuneko profesionalek ustiategiak in situ ezagutzeko, produktua dastatzeko, ekoizpena eta eraldaketa nolakoa den egiaztatzeko eta sukaldaritzan txertatzeko aukera izan dute”. Gómez kontseilariak gaineratu duenez, “Nafarroako baratzea denboraldi betean dago, eta oso aldakorra da egungo joera gastronomikoetara egokitzeko”.

Learning Journey hau dela eta, apirilaren 27an eta 28an, ikasleek in situ aurkitu ahal izan dute Nafarroako Zainzuri A.G.B.en laborantza eta kontserbako ekoizpena, baita Tuterako Orburua A.G.B.ren ustiapen bat ere. Gainera, Foru Komunitatean zehar egindako bidaietan, Errege Bardeako Interpretazio Zentroa eta abeltzaintzarekin duen lotura ezagutzeko aukera izan dute. Javier Ayechu Nafarroako Arkume A.G.B-ko elkarteko presidenteak bisita gidatua egin zuen Errege Bardeatik, transhumanteen tradizioa eta kalitatezko haragi horren ezaugarriak hurbiltzeko.

Egun hauetan, San Adriango Kontserba Museoa, Nafarroako Patxaran A. Gko destilategi bat (Deikaztelu), J.D. Cavaren upategi bat (Mendabia) eta ahuntz-aziendaren gaztandegi bat (Figarol) ere ikusi ahal izan dituzte, bertako jabearen eskutik.

Horrelako ekintzek aukera ematen diete erakunde akademiko honetako ikasleei prestakuntza osatzeko eta produktuekin, ekoizteko eta eraldatzeko moduekin eta kultura gastronomikoarekin lotutako alderdiak in situ ikasteko. Ikastaroan zehar fakultatean egindako praktikak eta ikaskuntza osatzen dituen eremu bakoitzaren ikuspegi sakona lortzea du helburu.

Basque Culinary Centerren ezarritako hezkuntza-ereduak ikaskuntzan eta gaitasunetan oinarritutako sistema bat sustatzen du. Sistema horren protagonista nagusia ikasleak dira, eta orientazio oso praktikoa du, ikaskuntzako eta talde-laneko metodologia aktiboak erabiliz. Learning Journey-ak metodologia aktibo horien barruan kokatzen dira, ikasleek zuzenean ikasten baitituzte beren eremu naturaletan lortu nahi dituzten kontzeptuak.

Basque Culinary Center

Basque Culinary Centerrek ekosistema bakar bat osatzen du, non prestakuntza, berrikuntza, ikerketa eta ekintzailetza batera existitzen diren gastronomia garatzeko eta sustatzeko helburuarekin, gastronomia hori elikagaiei eta horiek prestatzeko moduari buruzko ezagutza arrazoitutzat hartuta. 2011tik Donostian dago Basque Culinary Center, eta Gastronomia Zientzien Fakultateak eta BCC Innovation gastronomia-zentro teknologikoak osatzen dute: diziplinarteko ikerketa-zentroa da, produktuen eta zerbitzuen diseinuan ikertzen eta berritzen duena, eta, aldi berean, enpresei, ekintzaile berriei eta proiektu esanguratsuak dituzten gazteei laguntzen die

 

Partekatu
Facebook
Twitter
LinkedIn
Email
WhatsApp