Elikagai bereziak

Nafarroako nekazaritzako beste elikagai berezi batzuk dira nekazaritzako ondarerako balio handikoak eta galtzeko arriskuan dauden barietate eta arrazakoak.

Bere irudia inolako berme-figurek arautu edo babesten ez duten arren, Foru Komunitatean tradizio luzea duten produktuak dira, horregatik eta bere ezaugarri bereziengatik bereiz daitezke.

 

Faltzesko baratxuria

Faltzesko baratxuria herri horretako elikagai tradizional bat da, XVII. mendetik ekoizten eta merkaturatzen dena. Oso labore neketsua da eta eskuz egiten da. Faltzesko baratxuriak kontserbazio ona, kalitatea eta zapore bizia ditu ezaugarri. Faltzeseko elikagaia baratxuri-adatsetan edo baratxuri-txirikordatu moduan eskuratu daiteke.

Betizua​

Betizua Europa osoko behi-arrazarik bereizgarrienetako bat da, genetikagatik nahiz basatutako izaeragatik. Euskarazko izena du eta etimologiari dagokienez, antza, betizu izenak “behi izua” esanahia dauka, abere hauen izaerari erreparatuz. Abandonatzeko arriskuan dagoen arraza da, eta Nafarroako iparraldean dago gehienbat. Betizuen taldeak aske bizi dira, era estentsiboan gobernatzen dira eta larreak eta bestelako baliabide naturalak asko erabiltzen dituzte. Bere haragia Bertako Betizua % 100 zigiluarekin merkaturatzen da.

Corellako Kardu Gorria

Barietate hau Alhama ibaiaren ibarrean bakarrik lantzen da, Nafarroako Erriberabeitian. Bere maneiuak badu berezitasun bat: kardua lurrez estaltzen da 40 egunez. Estalkiari esker, karduak lurreko mantenugaiak hartzea lortzen da, eta orri-mamiak bertan barnean heltzea, Corellako kardu gorriaren zaporea eta kolorazio bereizgarria emanez.

Etxauriko eta
Milagroko gerezia

Bai Milagron bai Etxaurin gereziak landatu izan dira tradizioz, fruta hau ekoizteko bereziki egokiak diren lekuak izanik, eta horrek lotura historikoa ekarri du bi herrien artean. Etxauriren kasuan, gerezia lehorrean lantzen da, eta Milagroren kasuan, gerezia ureztaketa bidez landatzen da; bi ekoizpen mota sortu dira desberdinak, ezaugarri bereizleak dituztenak eta biak aintzatetsiak.

Euskal Txerria

Euskal Txerri edo Pío Negro, landa eta bertako txerria da, Pirinioetako klima-baldintzetara egokitua eta familiako baserri txikietan eta aire zabalean hazten da, belardi, hur, gaztainondo, harizti, gorosti eta pago artean. Euskal Txerriko haragiak, urdaiazpikoak eta hestebeteak kalitate organoleptiko handiko eta zapore bereizgarriko produktuak dira. Produktu goxo honekin egindako elaborazioak oso baloratzen dituzte jatetxeek eta gastronomia zaleek.

Nafarroako bertako sagarrak

Sagarrondoa Nafarroako lurraldean errotutako espeziea da, paisaia, bizitzeko eta jateko modua eta biztanleriaren kultura urte luzez osatzen duena.

Sagarrondoaren lantzeak garrantzi handia hartzen du Nafarroan sagardoaren sagarra ekoizteko eta sagardoaren kulturaren inguruan egiten diren jarduera guztietan, duen garrantzia gastronomiko eta turistikoagatik.

Sartagudako mertxika

Sartagudako mertxika ureztaketa tradizionalaren bidez lantzen da eta hainbat barietatetatik lortzen da. Kalitate handiko produktua da, berezko zapore, usain eta koloreengatik. Berau osatzen duten barietate ezberdinetatik, zaharrena nabarmentzen da, Gallur, oso zaporetsua, usaintsua eta tamaina txikiagokoa. Baratze txikietan landatzen da eta eskuz biltzen da, bere ezaugarri organoleptikoak bere horretan mantentzeko.

Nafarroako
bertako sagarrondoak

Sagarrondoa Nafarroako lurraldean errotutako espeziea da, paisaiaren parte da eta antzina-antzinatik bertako biztanleekin bizitzeko eta elikatzeko moduaren parte ere bada. Beraz, ehunka tokiko barietatez osatutako ondarea dago, eta horietako batzuk gaur egun ere lantzen dira.

Sagarrondoaren laborantza oso garrantzitsua da Nafarroan sagardo-sagarraren ekoizpenerako, garrantzi gastronomiko eta turistiko handiko sagardoaren kultura baitago.

Pirinioetako patata

Aezkoa eta Zaraitzuko Pirinio aldeko bailara nafarretan landu izan den barazkia da eta historikoki garrantzi handia izan du. Bertan, barietate tradizionalak landatzen ohi dira, materia organiko asko duten lurzoruetan, lehorreko lurretan eta altueretan. Baldintza horiek zapore biziko fruituak ematen dituzte eta oso preziatua dira.

Zangozako Potxa

Potxa babarrun zuri baten barietate bat da eta freskoan kontsumitzen da, lehortzeko prozesurik gabe (horregatik barazkitzat hartzen da). Heldu baino lehen biltzen dira.

Jaki hau oso ohikoa da Nafarroako etxeetan. Zangozan landu izan da historikoki eta hortik datorkio izena.

Nafar Behoka

Nafarroako behoka mendi-eremuetara eta mendilerroetara egokitutako arraza da, gihartsua eta indartsua. Animalia hau aurki dezakegu batez ere, Nafarroako ipar-mendebaldean eta INTIAk Sabaitza herrian duen lursailean. Haragi samurra eta elikagarria du, eta ukitu gozoak ditu, gantz gutxi duelako eta burdina asko duelako nabarmentzen dena. Ustiapen-sistema estentsiboa da, eta taldeak aire zabalean bizi dira urte osoan.

Auritzeko Zaldia

Nafarroako ipar-mendebaldeko zaldi autoktonoa da, eta ospe handia izan du laneko animalia gisa, eta, gaur egun, haragitarako erabiltzen da gehiagotan. Bere jatorrian dago “Nafarroako behokaren” eta Breton bezalako zaldi frantsesen arteko gurutzaketan. Erdi-askatasunean hazia da, mendiko larreak eta belardiak aprobetxatuz, eta ohiz kanpoko kasuetan bakarrik biltzen dira ukuiluetan mantenurako, batez ere elur-garaietan.

Antzinako tomateak

Nafarroan antzinako tomate mota aunitz daude. Gaur egun, tomate gehienak “arrosa motakoak” dira, zapore handikoak eta oso mamitsuak, eta izen hauekin ezagutzen dira: Arrosa, Tuterako itsusia, Baztango itsusia, Narbartekoa, kilokoa, Krimeako beltza, more berantiarra…

Barietate zaharrak landatzea oso garrantzitsua da, bai sukaldeetan duen balioarengatik, bai eta landatutako bioaniztasuna sustatzeko eta mantentzeko ere.

Boilurra

Behiala, boilur beltza basati sortzen zen, eta desagertzeko zorian egon zen. Duela hiru hamarkada baino gehiagotik, Nafarroan, Lizarrako eta Baldorbako eremuetan, boilur beltza lortzeko, zuhaitz landaketetan mikorrizak eratu dituzte, boilur-hazle bezala ezagutzen direnak.

Boilurra onddo bat da eta izen zientifikoa Tuber melanosporum du. Oso preziatua da sukaldean erabiltzeko, lurrinagatik eta balio gastronomikoagatik.

Sasi Ardia

Sasi ardia Euskal Herriko, Nafarroako eta Iparraldeko mendietako jatorrizko ardia da, eta abandonatzeko arriskuan dago. Sasi ardiaren izena haren bizimoduari eta mendi erdiko oihanpe eta sasietara egokitzeari egiten dio erreferentzia. Arraza honetako ohiko elikagaiak zikiroa (3 urte inguruko arrak) eta bildotsa (3 eta 5 hilabete bitarteko arkumeak) dira. Haragi honen zaporea beste ardi haragirena ez bezalakoa da, marmoldun zaporea du ezaugarri, eta artisau harategiek, gourmet jatetxeek eta partikularrek asko estimatzen dute.