Nafarroak bi zigilu berri estreinatu ditu nekazaritzatik datozen produktuak hurbileko eta salmenta zuzena bultzatzeko

Ekimen honekin, hurbileko produktuak merkaturatzea sustatuz gain, gizarteak elikagaien jatorria ezagutzearen eskaerari erantzuna eman nahi zaio.

Nafarroako Gobernuak gaur goizean, nekazaritza eta abeltzaintza ustiategi bati lotutako produktuen zuzeneko eta hurbileko salmentako zigilu berriak aurkeztu ditu. Identifikazio berri hau, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Merkaturatzeko Kanal Laburrei buruzko Foru Legeak jasotzen duen neurrietako bat da. Lege hori iaz onartu zen, tamaina txikiko nekazaritza ekoizpenei lagundu, haien lehiakortasuna hobetu eta aldi berean dibertsifikazioa sustatzeko helburuarekin.

Lege honen berririk nagusienetako bat, ‘hurbileko salmenta’ erakusteko aukera da. Honen bidez, dendek, harategiek, jatetxeek, jantoki kolektiboek edota nekazalturismoek, erakutsi ahal izango dute aukera berria hau, azalduz establezimendu horrek ekoizleari zuzenean produktu hori erosi diola.

Aurkezpenean Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen sailako kontseilaria den Jose Mª Aierdik eta INTIAko zuzendaria den Natalia Bellostas- ek parte hartu dute. Partehartzaile moduan ere, Nerea Mortalena Arraiozko ardi-ekoizlea eta Baztango Zaporeak ekoizleen elkarteko kidea, Xabier Barrutia Barrutia 12-ko jabea, ‘Bertan Baztan’ bailarako Merkatari, Ostalaritza eta Zerbitzu Enpresen Elkarteko ordezkaria eta, azkenik, Belen Urrutia Elbete Ostatuko jabea eta sukaldariak, egon dira aurkezpenean Fernando Anbustegi Elizondoko alkatearekin ere. Jarraian, zuzeneko eta hurbileko salmentarako irudi korporatibo berria estreinatu duten establezimendu batzuk bisitatu dituzte.

Aierdi kontseilariaren esanetan, “zigilu berri horiekin, alde batetik, nekazari eta abeltzainen eta azken kontsumitzailearen artean produktuak (bai ekoizpen primarioa bai eraldatuak) zuzenean edo hurbilean merkaturatzea sustatu nahi da, eta, bestetik, logo berriei esker salmenta kanal horiek ikusarazi nahi dira.

“Gizarteak, gero eta gehiago, produktu horien jatorria ezagutzea eskatzen du, eta bertakoak, freskoak, sasoikoak eta kalitatezkoak diren ziurtasuna izan nahi du”, adierazi du INTIAko Natalia Bellostasek eta bere esanetan, “zigilu berri hauek produktu horien  kontsumoa bultzatzen eta landa-eremuetako bizimoduari eta paisaiei eusten lagunduko die”.

Bi logotipo ‘anaiak’

Bi salmenta mota hauek, logotipo desberdinak dituzte, eta hauetariko bakoitzak euskaraz eta gaztelaniaz aurkezten dira kolore desberdinekin. Horrela, ‘zuzeneko salmenta’ zigilua urdina da, eta ‘hurbileko salmenta’ berriz, hori kolorekoa. Bai bata eta bestea, hiru elementu grafikotan oinarrituta daude: geolokalizazioaren ikonoa, norabidearen  ikurra eta landa paisai baten marrazkia.

Logo berri hauek establezimenduetako atarian, errepideetako eta bidegurutzeetako sarbideetan edo inguruetan jarri ahal izango dira, salmenta-puntu horiek non dauden adierazteko. Era berean, logotipo horiek zuzenean baserriari erositako tokiko produktu hori duten jatetxe edo sukaldaritza kolektiboko menuetan erakutsi ahal izango dira. Logotipo hauen erabilera borondatezkoa da eta elikagaien kalitate markekin bateragarria izango da.

Kanal laburren erregistroan izena ematea

Zigilu berri horri esker, kontsumitzaileek produktuaren jatorriari eta merkaturatze motari buruzko informazioa jaso ahal izango dute, eta, horrez gain, ekoizleek hainbat abantaila izango dituzte merkaturatze kanal laburren erregistroan izena emanda. Horrela, logotipoari eta weborri berriari esker, ikusgarritasun eta sustapen handiagoa izateaz gain, bi salmenta kanal horiek bultzatzeko laguntzak izango dituzte eta merkaturatzeari buruzko formakuntza jasotzeko aukera ere.

Bestalde, bai baserriek, bai izena eman duten establezimenduek, Nafarroako Gobernuaren konpromisoa dute beren produktuak Turismoaren sustapen-ekintzen bidez salmenta sustatzeko, edo Kanal Laburren Foru Legearekin lotutako gaietan harremana izateko.

Legearen xehetasunak

Legeak mugatu egiten du kanal laburren bidez merkaturatu dezakeen baserrien gehieneko tamaina. Honela, Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta egon behar dute, eta ez dituzte 5 lan unitatea gainditu behar. Elkarteentzat berriz, lehentasunezkotzat kalifikatuta egon behar dute, eta 10 lan unitate gehienez izan beharko dituzte, baserri txikiei lagunduz.

Kontuan hartu behar da ere, salmenta Nafarroako Foru Komunitatearen eremura mugatu behar delo, edota baserritik gehienez 100 km-ra.

Nekazaritzako elikagaiak merkaturatzeko bide laburren erregistroak, lehengo salmenta zuzeneko errolda ordezkatzen du.Tresna honen bidez, dinamizazio eta sustapen jarduerak egin ahal izango dira, bai eta salmentako ekoizpen kantitatea eta mota buruzko informazioa lortu ere.

Partekatu
Facebook
Twitter
LinkedIn
Email
WhatsApp