Jardueraren paisaia- eta kirol-interesaz gain, ganadutegiak aurkitzeak sariak izan ditzake harategietan bertan, erosketa-txartel gisa.
Haragi ona edo mendi-ibiliak eta eremu naturaletarako irteerak egitea maite dutenek Nafarroako Aratxea AGB – Reyno Gourmetek sustatzen duen “Jatorrirako Ibilbideak” ekimena gozatuko dute. Adierazpen Geografiko Babestura atxikitako ganadutegiek, ganaduak ikuskatzeaz arduratzen den INTIAko teknikariek eta baimendutako 170 salmenta-puntuek hartu dute parte ekimenean. Azken horietan kontsumitzaileek eskuratu ahal izango dituzten informazio-liburuxketan udazkenean Nafarroaz gozatzeko sei proposamen aurkituko dituzte, oso bestelakoa den ikuspuntu batekin: AGB ganadua modu iraunkorrean eta errespetuz hazten den ingurune naturala bertatik bertara ezagutzea.
Zeintzuk dira ekimenaren helburuak?
Nafarroako Aratxearen hazleku diren eremu eta herri batzuetan barnako ibilbide turistikoen bidez, ganadu hori zaintzen duten eta inguruko herrietan bizi diren pertsonak babestearen garrantziaz kontzientziatzen jarraitzen da. Kontsumitzaileak jatorrira eta bertan bizi eta lan egiten dutenengana hurbiltzeak haien erosketak Nafarroako landa-eremuetan duen inpaktu ekonomikoaz jabetzen lagunduko du.
Halaber, produktuaren izaera iraunkorra azpimarratzen da, bai erabiltzen den hazte-metodoagatik (ustiategi txikiak, erregimen estentsiboan edo erdi-estentsiboan), bai ganadutegi horiek salmenta-puntutik gertu egoteagatik (prozesu osoa Nafarroan gauzatzen da).
Seinalatutako ganadutegiek olan identifikatibo bat erakutsiko dute ongi ikusiko den toki batean, honako mezu honekin: “Hemen Nafarroako Aratxea zaintzen dugu”. Bestetik, harategiek ekimenaren poster bat erakutsiko dute, bai eta informazio-liburuxkak izango dituen erakusmahai bat ere.
Ekintza berezia
Nafarroako txokorik ederrenetako batzuetan barnako ibilbideez gozatu eta kontsumitzen duten haragia nongoa den bertatik bertara ezagutzeaz gain, ganadutegiak aurkitzeak poztasun bikoitza ekar diezaieke Nafarroako Aratxea erosten dutenei. Izan ere, ganadutegiaren olan identifikatiboari argazkia atera eta azaroaren 30a baino lehen Instagramen #NikGureaHautatzenDut hashtagarekin eta @Terneradenavarra-rekin partekatzen badute, ohiko harategian erabili ahal izango dituzten 10 erosketa-txartelen zozketan hartuko dute parte.